Txantxiku Ikastolak eta Jose de Azpiazu musika eskolak elkarlanean “Herrixa kantuan” ekimena martxan jarri dute

2015/03/17
Card image cap
Hileko azken larunbatean izango da eta lehen hitzordua, matxoaren 28an beteko da

  Euskararen egunean edo beste ospakizun bereziren bat tarteko kalean kantuan egiteko deialdi puntualak egin badira ere “Herrixa kantuan” ekimena hileroko zita izateko asmoz abiarazi da. Helburuak asko dira: herrian euskal kultura zabaltzea euskal kantu eta folklorearen bitartez, euskal kantu tradizionalak herritar guztiei hurbildu, euskalzaletasuna eta euskal nortasuna sustatu, kaleak girotu eta familiak, euskal giroan elkartu eta herrigintzan aritzea, besteak beste.

  “Herrixa kantuan” saioa hileko azken larunbatean egingo da. Kantu erronda, plazatik eguerdiko 12 eta erdietan abiatuko da eta erdi guneko kaleak zeharkatuko ditu, euskal kantak abestuz, herria girotu eta alaitzen. Kantu paperak banatuko dira denok parte hartzeko aukera izan dezaten. Musika eskolako sei-zortzi musika jolek ere parte hartuko dute.

  Oñatin datorren astean martxan jarriko den ekimen hau ez da berria gure inguruan, Donostian, Zarautzen edo Arrasaten jada, ohiko zita bihurtu baita hilean behineko kantu jira. Esperientzia horiek ezagututa, Oñatin ere egin zitekeela pentsatu zuten ikastolako eta musika eskolako zenbait lagunek baina erabakia nonbait, ikastolak  antolatutako azken kantu afarian hartu zuten. Sustatzaileek herritar guztiak animatu nahi dituzte ekimenean parte hartzera, haur, gazte zein heldu, banaka, familian eta taldeka. Orduan eta partaide gehiago batu, ekimena are eta aberatsagoa izango baita.

  "Herrixa kantuan" ekimenaren lehen hitzordua, datorren asterako, martxoaren 28rako egin da plazan, eguerdiko 12 eta erdietan.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!